Giza Eskubideak | Derechos Humanos. Lankidetza eta Berdintasuna | Cooperación e Igualdad

Esteka hasierako orrira
Gipuzkoako Foru Aldundia | Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentua
  • Hasiera » 
  • Zer egiten dugu: Berdintasuna

Berdintasuna

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentuaren helburu nagusietako bat da, Lankidetzako, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzea gure lurraldeko bizitza politiko, ekonomiko eta sozialeko esparru guztietan.

Hain zuzen ere, hala baitio 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, alegia, Foru Aldundiari dagokiola emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika eraginkorrak abiaraztea Gipuzkoako Lurralde Historikoan. Hortaz, politika horiek posible egin behar dute emakumeen eta gizonen askotariko beharrizanei eta egoerei arreta jartzea, eta beharrezko baldintzak sortu behar dituzte egiturazko desberdintasunak ezabatzeko, historikoki bigarren maila batera alboratu izan baitituzte emakumeak eta haien ekarpenak.

Lan gaitz horretan aurrera egiteko asmoz, bada, Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Plana (2008-2011) onartu du. Prestaketan Foru Aldundiko departamentu guztiek parte hartu dute, eta tresna bat da emakumeen eta gizonen berdintasun arloan Foru Aldundiak aurrera eramaten dituen jarduerak antolatzeko eta zuzentzeko.

Gainera, legealdi honetan bertan, oinarrizko egiturak sortu dira Plana bultzatzeko, koordinatzeko eta abiarazteko. Haietatik guztietatik funtsezkoena Lankidetzako, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko Zuzendaritza bera da.

Testuinguru horretan, hona hemen jardun ildo nagusiak:

  • Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Plana (2008-2011) bultzatzea eta koordinatzea, barne egiturak sendotuz, hura abiaraztearren.
  • Tokiko erakundeetan emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak eta ekimenak abian jar daitezen sustatzea.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoko emakumeen ahalduntzea eta gizarte partaidetza sustatzea.
  • Gipuzkoako haurrak eta gazteak sentsibilizatzea, genero estereotipoak gainditzeko eta balio berdintasunezkoagoak eraikitzeko.

Horrekin guztiarekin lagundu nahi dugu Gipuzkoa zuzenago eta berdintasunezkoago bat eraikitzen, non emakumeek zein gizonek beren eskubideak osoki erabiltzea izango duten. Horretaz gain, gure lurraldearentzat aberastasun ekonomikoa eta soziala sortzen lagunduko dugu. Izan ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde apostu egiteak berarekin dakar gaitasunei eta talentuei probetxu hobea ateratzea, lan eta denbora guztiak zuzen banatzea, eta banaka nahiz taldeka gogobetetasun maila handiagoa lortzea, onuragarri gertatuko baitzaio, sortzeko, berrikuntzak egiteko eta gizarte gisa hobetzeko dugun gaitasunari.

2009 Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentua
Lankidetzako, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusia