Iñaki Galdos
Kiroletako eta Kanpo Ekintzako foru diputatua
Juana Mari Astigarraga
Lankidetzako, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko zuzendari nagusia
Herri Administrazioak giza eskubideen alde egitea gizarte demokratiko bat ondoen definitzen duen ezaugarrietako bat da, ez baitago demokraziarik giza eskubiderik gabe.
Horregatik erabaki genuen legealdi honen hasieran Lankidetzako, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko Zuzendaritza sortzea. Zuzendaritzak funtsezko eginkizun bat bete behar du Gipuzkoako egungo gizartean, hau da, herri politiken bitartez, modu sendo, ziur, eta argi batez abiaraztea beretzat hartu duen eslogana: “Eskubide guztiak, pertsona guztientzat”. Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentuaren barruan dagoenez, Zuzendaritza Nagusi honen bidez apustu sendo bat egiten du Departamentuak gizarte zuzenago eta solidarioago bat bultzatzearen alde.
Gipuzkoarrok bizi gara gizarte batean, non elkarbizitza antolatua dagoen, non pertsona bakoitzak bermatuta eduki beharko lukeen bere eskubideak errespetatuak eta babestuak izango direla, berak ere besteen eskubideak errespetatu behar dituen bezalaxe. Bizi gara gizarte batean, non elkarbizitza zuzena eta berdintasunezkoa lortzea helburu izan behar duen, ez ameskeria. Beraz, botere publikoetatik, aitortu ez ezik, bultzatu eta abiarazi ere egin behar ditugu hainbat politika, giza eskubideek osoki garatzeko modua izan dezaten.
Giza eskubideak unibertsalak dira eta pertsona ororenak, maila berean, noiznahi eta non-nahi. Giza izaerari berari lotuak daude. Horrexegatik, lan esparru aukerakoa da emakumeen eta gizonen benetako berdintasunari eta nazioarteko elkartasunari heltzeko. Alegia, emakumeen eta gizonen berdintasunari heldu, alde batetik, denok eduki behar ditugulako eskubide horiek, geure sexua bazter utzita. Herri politikek lagundu behar dute baldintza egokiak sortzen, eskubide horiek genero-baldintzatzailerik gabe erabili ahal izateko. Beste aldetik, elkartasunari heldu, giza eskubideen defentsari ez zaiolako begiratu behar norberak haiek errespetatzeko duen eskakizunaren ikuspegitik bakarrik, baizik eta, batez ere, pertsonarik behartsuenen eskubideak errespetatzeko eskakizun gisara.
Horregatik, gizarte zuzenago, solidarioago, eta demokratikoago bat lortzeko borondate garbiarekin, Lankidetzako, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko Zuzendaritzak egunez egun eta besoz beso lan egiten du emakumeen eta gizonen berdintasun arloan, giza eskubideen arloan eta lankidetza arloan diharduten eragileekin, giza eskubide guztiak pertsona guztientzat errespetatzea bermatze aldera.
2009 Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentua
Lankidetzako, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusia